Hauxe duzue gaur Elizondon egin den ekitaldiaren edukia:

 

Eusko Ikaskuntzaren sorrera eta Baztandar Mutil-dantzariak 1918. urtean Oñatin

                Gaur hemen bilduak gaude Eusko Ikaskuntzaren sorreraren mendeurrena gogora ekartzeko. Euskal kulturaren ikerketa eta garatzean izugarrizko garrantzia izan du Eusko Ikaskuntzak eta hasmentako lehen urrats haietan gure mutil-dantzek ere lekua izan zuten. Baztandik abiaturik mutil-dantzari talde baten emanaldia izan baitzen lehen kongresu hartako ospakizunetan. Baztandarron dantzen historian emanaldi harek seinale ederra utzi zuen. Beraz memoria historikoari lekua eginez dakigun modu hoberenean ospatuko dugu, dantzan.

1918an Eusko Ikaskuntza sortu zen. Angel Apraizek batzar nagusi  baten ideia bota zuen Bilbon emandako hitzaldi batean eta ideia hau zabaldu ondoren euskal Aldundien laguntza zela bide eta erakunde zein partikular aunitzen atxikimendu beroari esker batzar handi hura egin ahal izan zen. Kongresu hau Euskal Herriko jendarte-erronkei erantzun globalak eta bateratzaileak emateko xedearekin egin zen.  Kongresu hartatik ez zen bakarrik Eusko Ikaskuntza sortu, bertan, gero hain emankorrak izan diren Euskaltzaindiaren eta Euskal Unibertsitatearen haziak erein ziren ere.

Lehen kongresuko ospakizunak edertzeko Euskal Herriko hainbat herrietako dantzariak deituak izan ziren, horrela gure lurretako folklore anitza erakutsiz. Tartean Baztangoizatik mutil-dantzari talde bat bildu zen lehen kongresu hartako ospakizunetan parte hartzeko eta bide batez, Baztango folklorearen dantza bereizgarriena, mutil dantza, erakusteko. Baztango udalak eskatuta egin zuten bidaia Oñatiraino.

Egun haietako kronika batean, gure mutil-dantzen ezaugarri batzuk aipatzeaz gain Baztandarren dantzakera Gipuzkoarrendako arrotza zela idatzi zuten. Baina horrek ez omen zuen trabik egin txalo zaparrada ederrak jasotzeko dantzaldiaren akabailan. Gaur den egunean aldiz, aski ezagunak dira mutil-dantzak Euskal Herriko edozein txokotan.

 

  • Baztango dantzarien prestaketa ekitaldirako. Dantzen bateraketa.

Oñatin arialdi txukuna eskeintzeko aintzinetik prestaketa lanak egin zituzten. Hortako Antonio Elizalde txistulari ospetsuak Amaiur, Erratzu eta Arizkungo dantzari kuadrila bat bildu zuen, herri bakoitzeko dantzari finenetakoak aukeratuz, horrela eman beharreko dantzak ensaiatu zituzten. Garai hartan herri batetik bertzera baziren desberdintasun txiki batzuk dantza batzuen ataletan. Herri guzietan ez zen dena berdin dantzatzen.Oñatin dantzari talde homogeneoa aurkeztu nahian,  dantzetan, bateraketa bat egin zuten. Bateraketa prozesua kongresu hartako prestaketekin hasi zen baina ondotik, bertze dantza batzuk ere estandarizatu egin ziren zenbait herrietan.

 

  • Mutildantzen errepertorio zabalaren galtzea. Euskararen beherakada.

Mutil dantzetan ematen ziren desberdintasun hauek ez ziren folklore biziaren isla, XIX.mendean euskal munduak izandako gainbeherakadaren isla baizik. Garai hauek ere ez ziren loraldi garaiak izan eskuararendako.  Jakina da erregimen zaharraren erortzearekin, estatu liberala bere zentralismo bateratzailearekin nagusitu zela. Hau bertze identitate kulturalendako kaltegarria izan zen. Horrela errepresio politikek lagunduta eskuarak gainbeherakada haundia bizitu izan zuen. Folkloreak, hizkuntzak bezala, bertakoen gutxiespena jasan zuen. Hirietatik nekazal herrietara dibertitzeko moda eta modu berriak iristen ziren eta ordurartekoa bazterrean uzten hasi zen.

Azken Karlista gerratearen (1872-1876) ondotik, mutil dantzen errepertorio zabala zenak izigarriko gainbeherakada jasan zuen. 1875 urte inguruko gazteek 25 mutil dantza inguru ezagutu izan bazuten ere 40 urteren ondotik errepertorio hura erdira murriztu zen.

Mutil-dantzetan zenbait dantza urrats ahantziak izan ziren eta ondorioz nahasturiek sortu ziren zenbait dantza ataletan. Atal nahaskor hauen ondorioz, dantzariek ongi dantzatzeko zailtasunak zituztenez,  dantza batzuk ordurarte dantzatzen ziren modua desagertu zen. Zenbaitetan dantzak eraldatu ziren, espontaneoki  hutsuneak dantza urrats berriekin betez. Bertze batzuetan dantza neurri haundi batean galdu zen. Eta bertzetan dantza osoak dantzatzeari utzi zen.

Adibide bezala Xoriaine, Xoxuaine, Biligarroaine eta Biligarroaine Zaharraren artean nahasmena sortu zen, Bilantziko dantzaren atal batzuk galdu ziren eta Tellarin, Ainhoar Haundi eta Zazpi Jauzi Zaharra desagertu ziren, baita gaur egun osotasunean ezagutzen ez ditugun Tellagorri, Moneindarrak eta Baztandarrak deituriko dantzak ere.

 

  • Mutildantzen zaharberritzea XX. mende hasmentan.

Arestian aipatu bezala, Oñatiko ekitaldiak bateraketa prozesu bat hasi zuen, baina aipatzekoa ere bada 30 urte lehenago Baztandik, zaldi gurdiz, Bartzelonara, mutil dantzak erakustera dantzari talde bat joan zela. Hortako ere zenbait doinu ataletan urrats egokitzeak eman izanen ziren.

XX.mende hasmentan, heldu zen beherakada ikusita, zenbait saiakera izan ziren mutil-dantzak berpizteko. 1905ean Elizondoko Círculo de la Unionek Hiru puntuko dantzaren lehiaketa antolatu zuen dantzari onena saritu nahian. Remigio Lizasoainek irabazi zuen lehiaketa hura. 1916an ere bertze lehiaketa bat antolatu zen Elizondon. Hontakoa talderik hoberena saritzeko zen.  Lau talde aurkeztu ziren: Amaiur, Arizkun, Erratzu eta Elizondo-Elbete. Orden hontan gelditu ziren lehiaketan. Lehiaketa honetan herri bakoitzeko dantza egiteko gisak ikusi ziren, herrien arteko desberdintasunak agerian utziz.

Honen ondotik etorri zen lehenago aipatu dugun bateraketa prozesua. Beranduago, 1923 urte inguruan, Hilario Olazaran Lekarozko fraile kaputxinoak, dantzak bateratzeko ariketa egin nahian, lau ziztulari bildu zituen. Remigio Lizasoain dantzari modelo gise harturik Billantzikoa berreraiki zuen. Berreraiketa honetan dantza sinplifikatu zen memoriarekiko  erronka galduz. Modu honetara ikasi dugu gaur egun arte hain ezaguna den Bilantzikoa edo Hiru puntukoa deituriko dantza.

Garai honetan ere Ardoaine, Ainhoar haundi eta Tellarin berreskuratu ziren. Antonio Elizalde txistulariak Rafael Goñiri ikasi zizkion doinu eta dantzak eta Elizaldek herrietan hedatu zituen.  Zaharberritze honetan, Ardoaine, Baztandarrak izeneko dantza luze baten hondarrekin osatua izan zen seguraski. Aldi berean, Ainhoar haundiren atal guziak ez ziren berreskuratu. Atal batzuk gaur egun ezagutzen dugun Billantzikoaren segidara pasatu ziren eta bertze batzuk gaur arte, itzalean gelditu ziren.

Modu honetara gaur egun ailegatu zaizkigun dantzak zaharberritu ziren, tartean Xerri Begi, Xerri begi zaharra, Zazpi Jauzi zaharra, etab. Zaharberritzeak ahal izan zuten moduan egin zituzten. Oraindik ez zegoen dantza unitateen kontzientzia garbia eta jauzien sortzeko izkutuko legeak ez zituzten kontutan hartu izan beti.

Horrela, mutil-dantzek 50 urteren bueltan aldaketa prozesu sakona bizi izan zuten.

Guzi hau erranda guri ailegatu zaiguna erakutsiko dugu. Soinulariak plaza erdira agertuko dira eta ohitura dugun legez elkarri aunitz urte eskeiniz dantzatuko gara. Ea bertze hainbertze izaten diren. Dantza gaitezen!!

  • AUNITZ URTEZ
  • HIRU PUNTTUKOA/BILANTZIKOA
  • ZAZPI JAUZI ZAHARRA
  • BILANTZIKO TXIKI7BILANTZIKO ZAHARRA/ZAHAR DANTZA/MANDO ZAHARRAINE
  • AINHOAR XUME
  • MUXIKOA
  • XORIAINE
  • ARDOINE/AINHOAR HAUNDI/TELLARIN
  • ZORTZIKOA

 

  • Dantzakerak eta euskalkiak. Gure dantzakerari garrantzia eman.

Gaur den egunean Jauziak izugarri hedatu dira eta hedatzen ari dira. Ohikoa da Euskal Herriko edozein xokoetan jendea ikustea Hegi, Ostalerrak edo Zazpi jauziak dantzatzen. Euskal identitatearekin lotzen den edozein bestak tartea egiten die xixtu, xirula eta ttunttun doinuei. Eta euskaldunek gustura hartzen ditugu gure identitatea definitzen laguntzen diguten doinu hauek.

Jauziak Pirinio inguruetako herriek dantzatu izan dituzten dantzak dira. Xuberoan, Lapurdin, Behe Nafarroan, Luzaiden, Biarnon eta Baztanen dantzatu izan dira tradizionalki. Bai, bai, Baztanen ere bai, Mutil-dantzak jauziak baitira. Herri bakoitzak bere dantzakera propioa du euskalkiekin gertatzen den bezala. Urratsak lurretik gertu egiten dira Lapurdin, Luzaiden aldiz jauziz betetzen dituzte aireak. Biarnon dantzarako askatasun haundia dute, denek ez dute erabat berdin dantzatzen eta Baztanen itzuliak egiten ditugu alde batera zein bertzera pausarik gabe. Baina otoi, mesedez eta faborez hitzak eskuara diren bezala, aldaera guzti hauek ere dantza jauziak dira.

Erran daiteke, euskara batuarekin gertatu bezala jauzietan ere estandarizazio prozesu baten aitzinean gaudela. Estandarizatzen ari den dantzakera lapurtarrenetik hurbilen dago eta dantza hizkera ere, hau da urratsen izenak, Lapurditik hartu dira negurri handi batean.

Euskara batuak eskuarari bizia eman dion bezala, jauzien estandarizazio honek indarra eta bizia ematen dio piriniar dantzakera honi eta herria egiteko tresna dibertigarria bilakatu da. Baina eskuara, euskara batua baina zabalagoa den bezala, dantza jauziak mutxikoak baina zabalagoak ere badira. Baztanen eskuara maite dugunok Baztandarrez maite dugu. Eta hainbat erakunde eta taldek Baztandarrari bulkaldia ematen diote. Argi dugu euskara batuaren beharra badaukagula, baina ez dugu nahi bazterrean utzi gure euskalki eta aldaerek ematen dakuten berotasuna eta aberastasuna. Euskalkiak komunitateak bere komunikazio beharrei aurre egiteko garapen naturalak direla ulertzen dugu. Ba gauza bera gertatzen zaigu dantza jauziekin. Baztanen badugu jauzien munduari aberastasuna ematen dion gure dantzakera, mutil dantzak, bertan garatuak izan direnak. Egin dezagun apustu eta bulka dezagun gure dantzakera!!

Baztango jauziak dantzatzen hasi aitzinean hauen berriztapenaren inguruko nota batzuk aipatuko ditugu.

 

  • Baztango jauzien berriztapena gaur egun.

Gure dantzakeraren defentsa egin nahian eta jakinik errepertorio zabal baten galera izan zela, gure plazetan entzun ziren melodiak ezagutzeko kuriositateak bulkaturik Patxi Larraldek jauzien arteko azterketa konparatibo zorrotz bat martxan jarri zuen duela 30 urte inguru.

Konparaketa lan honek  Baztandarrak dantza eskolan dantzak erakusteko erabiltzen dugun urratsen terminologia ekarri zuen, zuek hain ongi ezagutzen dituzuen eskuin batekin, bikin etb. horrela sortu ziren. Erakusteko erabiltzen dugun metodologian ere eragin handia izan zuen ikerketa honek.

Baina ikerketa honek ekarri zuen gauzarik garrantzitsuena Baztango jauziak bersortzeko aukera da. Horrela duela mende bat Baztango plazetan editzen ahalko ziren doinuak mutil dantzen urratsez hornitu genituen. Berreraiketa hauek egiteko dantzen oinarrian dauden legeak ongi barneratu genituen, mutil dantzak sortu zireneko mekanismoa ongi ulertuz.

Gure dantzakerari indarra emateko nahiarekin orain doinu zahar hauek joko ditugu eta dantzen urratsen segidak markatuko ditugu denek dantzatu ahal izateko.

Beraz hartu plaza eta dantza gaitezen gure dantzakeran!!

 

  • BOZATARRAK
  • AZKAINDARRAK
  • USO XURIA

 

  • Moneindarrak

Jarraian, Moneindarrak dantza dantzatuko dugu lehen aldiz plazan. Monein, Biarnoko herri bat da, Paubetik hurbil dagoena. Biarnon eta Xuberoan Moneindarrak dantza estimatuenetariko bat da, agian Muxikoak deiturikoa baino gehiago. Dantza ederra da, luzea. Dantzatzen den hiru lurraldeetan zenbait desberdintasun ageri bada ere, dantza beraren aitzinean gaudela argi ikus daiteke. Melodia eta egituraren aldetik baita urratsen segidaren aldetik ere nahiko adostasun ageri da.

XIX.mendean Baztandarrok ere baginuen gure Moneindarrak.  Aita Donostiak Hiru puntuko izenpean bildu zituen doinuetako batzuk, argi eta garbi Moneindarrak dantzaren atalak dira. Aita Donostiaren bilketa hau 1913koa da eta traskribatzeko Antonio Olondriz Elizondoko txistularia eredu izan zuela dirudi. Traskripzioa egiteko erabili zen interpretazio honetan argi gelditzen da txistularia nahasie zebilela, behin eta berriz doinu atal batzuen ondotik atal berera jotzen baitzuen. Ez gaitu harritzen hau horrela gertatu izana, lehen erran bezala folklorea galbidean zegoen eta beherakada egoera hauetan ahanzturiek izatea normala zen. Gainera Antonio Elizalde eta bere seme Mauriziok ez zituzten ohituraz Hiru puntukoa piezan Antonio Olondrizek interpretaturiko atal hauek jotzen.

Bitxikeri gise aipatuko dugu Moneindarrak piezako atal batzuk gure Tellarinean ageri direla.

Hau guztia jakinda, berreraikitze bat egin ginuen gure dantzakeran. Berreraikitze hau eklektikoa izan da koreografia eta doinuaren aldetik. Berreskuraketa honetan Biarno mendi aldeko eta erriberako tradizioak pisu nagusia izan dute. Alta, zenbait dantza eta doinu pasartetan Xuberoko eta Nafarroa Beherako joerek gidatu gaituzte. Beti ere berreraiketa hau egiteko ikerketa konparatiboak gidatu gaituelarik.

Dantza honekin aurkezten dugun berrikuntzarik nagusiena gaur egun mutil-dantzetan agertzen ez diren urrats batzuk dira. Galdutzat eman ditugun dantza urrats batzuk behar bada hauek izan ziren.

Dantza gaitezen beraz Monein!

  • MONEINDARRAK

WhatsApp Image 2018-09-09 at 17.43.28

WhatsApp Image 2018-09-04 at 15.31.43

Anuncios

ELIZONDOKO EZPATADANTZAZ

Publicado: 2018/04/18 en Uncategorized

“Baztango Ezpatadantza bat: Elizondoko Ezpadantza” izenburua duen lan hau Patxi Larralde Elizaldek egina da, Baztandarrak Dantza Eskolako ikerketa sailaren baitan (Jo ala Jo Kultur Taldea). Bertan, 1747an Elizondoko ohituren kontra irikitako prozesuetako bat azaltzen digu eta honen ondorio eta testuingurua aztertzen. Argi pixka bat:

(Gazteleraz dago, laster euskeraz!)

ELIZONDOKO EZPATADANTZA

Kupelen-edekitzia-kartela-PDF-WEB-V1

Imagen  —  Publicado: 2018/04/18 en Uncategorized

KIRIKOKETA_17_web

Imagen  —  Publicado: 2018/04/18 en Uncategorized

XVI KIRIKOKETA BESTA

Publicado: 2015/10/01 en Uncategorized

KIRIKOKETA-BESTAXVI_miniweb (1)

Laster egitarau zehatza kaleratuko dugu!

Donibane Lohitzuneko dantzariekin eta Morau eta Beñardokin kontatu ahal izanen dugu?

20141023_213637

Joan den ortzeguna 23an sagardo dastaketa arrakastatsua izan ginuen, Domingo Arina, Juan Zuriarrain eta Jakoba Errekondo aditen eskutik. Bertan izan genituen Baztango 14 sagardo desberdin (Arizkun, Ziga, Lekaroz, Erratzu…) eta baita Etxalar eta Iturengo bana ere.

Datorren ortzeguna 30ean Sagar Dastaketa Ikastaroa izanen dugu 19:30etan Gamioxarrean (hortan gabiltza, ea lortzen dugun), eta ondotik azken 15 urteetan lagundu digutenei afari bat eskeiniko diegu Etxeberrian esker gise.

Ortzirala 31ean berriz, Sagardogintza ikastarotxo bat izanen dute Solaslagunean edo  euskara ikasten dabiltzanekin. Haiek berak beteko dute berendako izanen den kupela.

Akitzeko, datorren Azaroaren 1eko Kirikoketa Bestetako kontzertuak konfirmatuek daude: Atsaldeko 20:00ek airian UFESTUEK kupelategian, eta gauean, 23:ooak aitzin CUMBIA’BERO eta TRIKIDANTZ.

Bertan ikusiko gara!

 

KIRIKOKETA-BESTAXVminiGIF

Imagen  —  Publicado: 2014/10/22 en Uncategorized

MUTILDANTZA IKASTAROAK

Publicado: 2014/10/05 en Uncategorized

MUTILDANTZA IKASTAROAK
hasiberri eta arituendako

Asteartea: 20:00 – 21:00
Asteazkena: 11:30 – 13:00
Ortzegune: 19:00 – 21:00
Ortzirala: 19:00 – 22:00

Arizkunenea Kultur Etxean

Informazioa:

joalajotaldea.wordpress.com
joalajo@gmail.com
618460694

Larrazken-kulturala

 

Ikastaroak 19:00tan hasiko dira

Sagardo dastaketa ikastaroaren ondotik afaria egonen da. 5 euro, baratzeko gaiak

Imagen  —  Publicado: 2014/10/05 en Uncategorized

Jo ala Jo-ko kideak plazara joanen dira atsaldeko 16:30taik aintzinet, Euskararen Nazioarteko Egunean beren aportazio ttikia egiteko, zalapartaz eta xulubitez. Abenduaren 3ko atsaldean ikusiko dugu elkar Elizondoko plazan!

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna